Visor de contenido web

Bidaniako Ontzi fabrikaren inguruko proiektua

 

Aurretik aipatu izan dugun bezala, herriko Ontzi Fabrikaren inguruan lan berezi bat egiten ari gara. 2020rako aurreikusita genuen ekintzetako bat herrian hitzaldi bat ematea zen, Ontzi Fabrikaren lehen sarrera eta informazioa herritarren eskura jartzeko. Baina, egoera den bezalakoa izanda, ezingo dugu egin.

Horregatik, herritarrentzat, lau artikulu txiki egin ditugu. Hau horietako bat da.

 

Kokapena eta eboluzio historikoa

Proiektu honen aztergai den Ontzi Fabrika, Bidania-Goiazko udalerrian kokatzen da. Tolosaldea eskualdeko udalerri hau 1964. urtean sortu zen Bidania eta Goiazko guneak bateratu eta Bidegoian izeneko udalerria sortu zenean. 2014. urtean, aldiz, udalerriaren izena aldatzea erabaki zen, egun mantentzen den Bidania-Goiatz izena hartuz. Herria osatzen duten gune desberdinen artean, honako hauek ditugu: Bidania, Bidania-Gunea, Elbarren-Bailara, Erreka-Bailara, Elola-Bailara, Eliz-Bailara eta Santa Marinako zenbait baserrik osatzen dute. Eta Goiatz, Goiatz-Gunea eta Goiatz barreiatuak.

Gaur egun ezagutzen den Ontzi Fabrikaren eraikina Bidaniako Elbarren-Bailaran kokatua dago, Muñaberriko lursailean hain zuzen ere. Lantegia herriko nukleotik kanpo geratzen da, Elbarrenako gune industrialaren azpian aurkitzen baita. Eraikinaren inguruan hainbat elementu desberdin kokatzen dira, horien artean: mendelbadean Goiatzerreka eta Elbarrenako industrigunea, hegoaldean Zela Baserria, ekialdean Murkaitza muñoa, Berantegi, Landa eta Muño baserriak eta iparraldean Bidaniako herrigunea.

 

Iturria: Geo Euskadi.  2020ko azaroaren 30ean kontsultatua.

 

 

Udalerriko ezaugarri geologikoei aztertuz gero, polje izenarekin ezagutzen den fenomeno geologikoa azpimarratu behar da, hektometroko zabalera duen dolina gunea osatzen baita gune honetan. Aipatutako dolina hau, inbutu moduan alderantzika dagoen kono modukoa da, bertatik lurzoruko urak filtratzen dira, ondoren sarbegiak edo “osinak[1]” bezala ezagutzen diren iturburu desberdinak sortuz. Fenomeno hau gune karstikoen ezaugarri ohikoa da, urak kanpora irteteko gunerik ez izatean, Goiatzerrekako eta Ernio errekako urak filtratzen direnean, deskonposizio kalkareoa duen buztin depositu aberatsak sortzen baitira[2].

Honela bada, Bidaniak dituen ezaugarri naturalez baliatuz,  1933. urtean Juan eta Miguel Muñoa Pagadizabal anaiek, Muñaberriko lursailean Alfarería Guipuzcoana deritzon Ontzi Fabrika sortu zuten (ÁLVAREZ, 2009, 513 orr.). Ondorengo argazkian ikusi daitekeen moduan, eraikin honek solairu bakarra zuen, honen labearen tximinia kanpotik zuelarik. Muñoa Pagadizabal anaien hasierako asmoa, herriko eta inguruko bizilagunei lana eman ahal izatea izan zen (ELUSTONDO, 1993,52 orr.). Garai honetan, eta lantegiaren inguruko buztinaz baliatuz, Alfarería Guipuzcoanak lehen ontziak ekoitzi zituen, ontzi ilunen produkzioa euren karakteristika propio bihurtuz.  

 

Iturria: Álvarez, M. (2009): Euskal Lozak eta Portzelanak: XVIII-XX mendean, Euskal Arkeologia, Etnografia eta Kondaira Museoa  Bilbo. 513. orria

 

1950. hamarkadan ordea, eta hainbat gorabehera historikoen ostean, garai berri baten hasiera izan zen Ontzi Fabrikaren historian. Dionisio Azkue eta Gabino Ochotecoren eskutik, antzinako buztin ontzien produkzioa bertan bera utzi eta portzelanaren produkzioa hasi zen, Porcelanas Vidania izenpean. Gabino Ochotecok, Porcelanas Bidasoaren sortzaileetako bat, Bidasoako esperientzia ekarri nahi izan zuen Bidaniara, Irundik hainbat teknikari zein langile ekarriz. Dionisio Azkuek, idazle eta margolari famatua, Ontzi Fabrikaren aurreko etapan Muñoa anaientzako lan egin zuen eta lantegiaren bigarren etapa honetan zuzendaritza lanak izan zituen. Bi protagonista hauen artean bultzatu zen gaur egun identifikatzen dugun Ontzi Fabrikaren eraikin berria, bi solairu eta frantziar inspirazioko Four de Casseaux motako labe bereziarekin.

 

Iturria: Álvarez, M. (2009): Euskal Lozak eta Portzelanak: XVIII-XX mendean, Euskal Arkeologia, Etnografia eta Kondaira Museoa  Bilbo. 516. orria

 

Ontzi Fabrikaren bigarren etapak, ordea, ibilera laburra izan zuen, jabeen arazo ekonomikoak zirela eta 50. hamarkada erdialdera itxi behar izan baitzuten. Hau ordea ez zen Ontzi Fabrikaren behin betiko itxiera izan.  Hain zuzen ere,  Porcelanas Vidaniak beste azken etapa bat izan zuen Juan Francisco Puente Ortasen zuzendaritzapean (IBAÑEZ, 1990,226 orr.). Garai honetan, herriko hainbat langile eta  Porcelanas Bidasoako teknikari batzuei esker, kalitate handiko portzelana ekoitzi zen, horien artean: apainmahaigarriak, farmaziako ontziak, hautsontziak eta kafe jokoak. Produktu hauen ezaugarri nagusien artean, linea garbi eta kolore berezien protagonismoa azpimarratu behar da, kalkomaniak eta urrezko edota zilarrezko dekorazioaz estaltzen zituzten ontzi haiek. Zoritxarrez, Puente Ortasek zuzendutako etapak ez zuen luze iraun, 70 hamarkadan behin betiko itxi baitzen.

 

 

 

Bibliografia:

  • Álvarez Marian, Jiménez Maite, & Mujika Goñi Amaia (2009):  Euskal lozak eta portzelanak: XVIII-XX mendeak = Lozas y porcelanas vascas: siglos XVIII-XX, Euskal Arkeologia, Etnografia eta Kondaira Museoa, Bilbo.
  • Elustondo, A, Ariceta, FR. Lucas (1993): Bidania. Bidani eta bere eliza berria. Bidania iglesia nueva pueblo nuevo, Kutxa Fundazioa-Fundación Kutxa, Donostia.
  • Ibáñez Gómez Maite et al (1990): Arqueología industrial en Gipuzkoa, Deustuko Unibertsitatea, Deiker. Bilbo.