Visor de contenido web

Bidaniako Ontzi fabrikaren inguruko proiektua

 

Aurretik aipatu izan dugun bezala, herriko Ontzi Fabrikaren inguruan lan berezi bat egiten ari gara. 2020rako aurreikusita genuen ekintzetako bat herrian hitzaldi bat ematea zen, Ontzi Fabrikaren lehen sarrera eta informazioa herritarren eskura jartzeko. Baina, egoera den bezalakoa izanda, ezingo dugu egin.

Horregatik, herritarrentzat, lau artikulu txiki egin ditugu. Hau horietako bat da.

 

 

Labea

1950. hamarkadan Dionisio Azkue artistak, Dunixi ezizenez ezagutua, eta Gabino Ochotecok Ontzi Fabrika berria eraiki zuten, honen elementurik aipagarriena behar bada, Four de Casseaux motako labe berezia izanik. Bidanian kokatuta dagoen labe mota hau Penintsula iparraldean aurkitzen den labe bakarrenetakoa da eta bere jatorria Frantziako Limoges-eko portzelana produkzioan topatzen dugu.

Aipatu bezala, 1950. hamarkadan Alfarería Guipuzcoana bertan bera utzi eta Dionisio Azkue eta Gabino Ochotecok Portzelana lantegia eraiki zuten Muñaberriko lursailean. Portzelana produkzioa antolatzeko, Ochotecok Porcelanas Bidasoan izan zuen esperientzia klabea suertatu zen, hango produkzioan oinarrituta, Bidanian lantegi berri bat eraiki nahi izan baitzuten. Bi zuzendarien artean, herrian portzelana onena egiteko asmoz, Frantziako Limoges-etik teknikari bat ekarri zuten Four de Casseaux labe mota eraiki ahal izateko (ÁLVAREZ, 2009, 515).

 

Iturria: Álvarez, M. (2009): Euskal Lozak eta Portzelanak: XVIII-XX mendean, Euskal Arkeologia, Etnografia eta Kondaira Museoa  Bilbo. 515. orria

 

 

Ez da harritzekoa Limoges-eko teknikariaren laguntza eskatu izana. Izan ere, Limogeseko portzelana produkzioa mundialki ezaguna da bere ontzien kalitatea eta estilo handiko dekorazioa direla eta. Limousin erregioko hiriburuan portzelanaren produkzioa XVIII. mendean hasi bazen ere, XIX. mendeko bigarren erdian izan zuen garapen nabarmenena. Honela, 1816. urtean, François II Alluaud-ek Limoges-eko «des Casseaux» izeneko beheko auzoan eraiki zuen bere portzelana lantegia, Naveix portuko gertutasunak Limousin-etik zetorren egurraren ekartzea erraztu eta produkzio gune estrategikoena zela ohartuta.

1901. urtean jada,  G.D.A enpresak, Limoges-en lehen Four de Casseaux edo boteila formadun lehen labeak eraikiko ditu. Horretarako, Minton  ingeniari britaniarrak sortutako prozedura jarraituko dute. Prozedura honen berezitasun nagusiena beroaren distribuzio hobe baten bitartez, erregaia aurreztu eta labe berdin batean, bi erreketa prozesu desberdin egin ahal izatea da aldi berean. Modu honetan, koste ekonomiko eta denbora inbertsio baxuago bati esker, portzelanaren ekoiztea industrializatu nahi izan zen. Produkzio modu honi esker, Casseaux labeak 1904. urtean hasi ziren portzelana ekoizten, hurrengo hamarkadetan mundu mailako portzelana ezagunenetako bat bihurtuz (COUDAMY, 2002).

 

Iturria: Álvarez, M. (1990): Arqueologia industrial en Gipuzkoa, Deustoko Unibertsitatea, Deiker, Bilbo, 227. orria

 

 

Labe honen ezaugarri fisikoei begiratuz, kupula duten bi zilindro gainjarriek osatzen dute, tximiniak bi solairuak zeharkatzen dituela. Beheko solairuan, alandiers izeneko 6 sutzeko aho ditu, hauen bitartez tenperatura kontrolatu eta sua areagotzen zen. Eraikinaren osotasuna adreilu erregogor edo errefektorioz egina dago eta burdinazko xafla batzuek estruktura eusten dute erretze prozesuan labearen jatorrizko forma dilatatu ez dadin.

Portzelanaren erreketari dagokionez, prozesu luze eta nahiko konplexua dela azpimarratu behar da, guztira ia hiru erretze aldi behar baititu (IBAÑEZ, 1990, 225).

  • Lehen erreketa, bizcochado bezala ezagutzen den pasta gordina erretzeko momentua da. Prozesu hau labearen goiko solairuan egiten da, 800-900Cºtara iritsiz.
  • Bigarren erreketan aldiz, behin bizcochado-a labetik atera eta txukundu ostean, esmalte bainu bat ematen zaie eta berriro beheko solairuko  labera sartzen da, 1200Cº-1300Cºtara errez.
  • Azken erreketa prozesua dekorazioa zuten piezentzako izaten zen. Esmaltea labean solidotu ondoren, dekorazio mota desberdinak aplikatzen zitzaizkien ontziei, berriro labera sartuz 1200Cºtara

 

 

Iturria: Four de Casseaux.  Abenduaren 8an kontsultatua.

 

Labe hauek gutxienez 36 ordu egoten ziren martxan, 1200Cº-1300Cº gradura arte iritsi arte, beste 12h ordu behar izanik labea hozteko. Denboraldi horretan langileak labea zaintzen egoten ziren goiz eta gauez egoten ziren labea zaintzen, tenperatura kontrolatu ahal izateko Cono Pirométrico izeneko testigu batzuk erabiliz.

Portzelanaren kalitate hoberena ziurtatzeko, labe barruan kaolin likido esku bat botatzen zen eta tenperatura altuetan solidotzen zenean, ontziak oxidatzea ekiditen zuen. Horretaz gain, labe barruan egon zitezkeen ke eta zikinkeria guztia ontzietan geratu ez zedin, gazeta izeneko molde indibidualetan sartzen zituzten ontzi guztiak Honela, ontziak gazeten barruan sartuta eta labeko zikinkeriak ekiditeko kaolin kapa emanda, portzelanak hain karakteristikoa duen zuritasun puru hori lortu nahi zen.

1959. urtean ordea, labe hauen kostua handia zela eta, Limoges-eko portzelana lantegiek ikatzez hornitutako labe hauen erabilera bertan bera utzi zuten. Hauen ordez, gasez hornitzen ziren labe berriak erabiltzen hasi ziren, gas kontsumoak produkzio kosteak jaisteaz gain, labearen kontrola errazten zuelako. Pixkanaka, produkzio modu berri bat zela eta botila formako labe hauen protagonismoa gero eta murritzagoa bihurtu zen, gune askotan betirako desagertuz. Bidaniako kasuan, 50. hamarkadan eraikin zen labeak bere ikatzez hornitutako produkzioa mantendu zuen ia 70. hamarkadara arte, Juan Francisco Puente Ortas-en zuzendaritzapean lantegia betirako itxi zen arte.

Azken hamarkadetan, iniziatiba desberdinei esker labe hauen garrantzi historiko eta soziala baloratu nahi izan da. Limogeseko kasuan, 1986. urtean Espace Porcelaine asoziazioak Musee des Casseaux  museoa eraiki zuen, hiriaren XIX-XX. mendeetako industrializazio prozesuaren eredu hau bizirik mantendu nahian. Labearen garrantzi hau baieztatua geratu zen Frantziako gobernuak 1987ko uztailaren 6an Monumentu Historiko gisa izendatu zuenean[1].

 

 

 

Bibliografia:

  • Álvarez, M., Jiménez, M, & Mujika Goñi A. (2009):  Euskal lozak eta portzelanak: XVIII-XX mendeak = Lozas y porcelanas vascas: siglos XVIII-XX, Euskal Arkeologia, Etnografia eta Kondaira Museoa, Bilbo.
  • Coudamy, J (2002):  L'envers du décor: le four rond à porcelaine, Culture et patrimoine en Limousin.
  • Elustondo, A, eta Ariceta, Fco. L. (1993):  Bidania. Bidani eta bere eliza berria. Bidania iglesia nueva pueblo nuevo, Kutxa Fundazioa-Fundación Kutxa, Donostia.
  • Ibáñez Gómez, M. et al. (1990). Arqueología industrial en Gipuzkoa. Deustuko Unibertsitatea-Deiker, Bilbo.

 

Web orriak: