Visor de contenido web

Bidaniako Ontzi fabrikaren inguruko proiektua

 

Aurretik aipatu izan dugun bezala, herriko Ontzi Fabrikaren inguruan lan berezi bat egiten ari gara. 2020rako aurreikusita genuen ekintzetako bat herrian hitzaldi bat ematea zen, Ontzi Fabrikaren lehen sarrera eta informazioa herritarren eskura jartzeko. Baina, egoera den bezalakoa izanda, ezingo dugu egin.

Horregatik, herritarrentzat, lau artikulu txiki egin ditugu. Hau horietako bat da.

 

 

Proiektuaren lehen garapena

2020ko irailetik abendura proiektua aurrera eramateko informazio guztia biltzen aritu gara. Ez da lan makala, izan ere, Ontzi Fabrikaren historiaren gertutasun kronologiko zein pertsonalak, dokumentu historikoetatik haratago joaten den ikerketa behar baitu. Horregatik, gure asmoa ahalik eta informazio gehiena bateratuz, Bidaniako Ontzi Fabrikaren historia osoena lortzea izan da, eta horrela izaten jarraituko dugu. Horrela bada, gure lana iturri idatzien kontsultaz gain, ahozko testigantzen dokumentazioan eta iturri materialen dokumentazioan oinarritu dugu.

Iturri idatzien kontsulta egiteko, gure lurraldeko hainbat artxibo historiko kontsultatu ditugu, horien artean Bidania-Goiazko Udal Artxiboa, Tolosan kokatuta dagoen Gipuzkoako Artxibo Orokorra eta Oñatin kokatuta dagoen Gipuzkoako Artxibo Historikoa aurkitzen dira, besteak beste. Dokumentu hauen ikerketari esker, herriko testuinguru historikoa, lantegiaren planoak, lantegiaren etapa desberdinak eta hauen kronologia ezagutu ahal izan dugu.

 

Lantegiaren produkzio modua ilustratzen duen dokumentua.

 

Ontzi fabrikaren ikerketan, bertan lan egin zuten bizilagunen testigantzei balio berezia eman nahi izan diogu. Lanaren ardatzetako bat bizilagunen parte hartzea izanik, funtsezkoa iruditu zaigu bertan lan egin zuten zenbait bizilagunen historia kontatzea. Hori dela eta, 1933an hasi eta 70. hamarkada bitartean lan egin zuten hainbat bizilagunen bizipenak zein historia berreskuratu ditugu eta hurrengo asteetan beste batzuk elkarrizketatzea espero dugu. Langileekin egin diren elkarrizketa desberdinei esker, bizilagunen bizipenak, lantegiaren egunerokotasuna, ontzien prozesu produktiboa, herriko anekdotak eta batez ere, emakumeen historia berreskuratu nahi izan dira. Azken foku honen zergatia, emakumeen historia plazaratu eta lantegian emakumeek izan zuten funtsezko papera azpimarratzeko beharretik sortu da.

Ikerketa horretan, langileez gain, fabrikaren garai ezberdinetako jabeen familiarteko batzuekin ere elkartu gara eta falta direnekin datozen hilabeteetan egongo gara. Hauekin egotea ere beharrezkoa ikusi dugu, familia eta negozioaren arteko lotura lantzeko.

Elkarrizketa guztiak bideo formatuan grabatu ditugu herriko Iriarte Jauregia hotelean, egoera sanitarioa dela eta beharrezko neurri guztiak hartuz eta betebehar guztiak betez.

 

Iriarte Jauregia hotelean ontzi fabrikako langile izandako bati eginiko elkarrizketaren une bat.

 

Bestalde, dokumentazio grafikoa osatzeko lantegiaren eta bertan ekoiztu ziren ontzien argazki zein bideoak egiten ere aritu gara hilabete hauetan. Eraikinaren argazkiekin lantegiaren espazio desberdinak dokumentatu nahi izan dira eta bertako lan prozesua zein zen jakin. Gainera, lantegiaren etapa desberdinetan produzitu ziren lurrontzi eta portzelana kolekzioen argazkiak egiten ere ari gara, horretarako herritarrek utzitako material ezberdinekin. Gure asmoa, hurrengo hilabetetan argazki hauetaz baliatuz, ontzien bilduma labur bat osatzea da Bidaniako Ontzi Fabrikaren historian zehar ekoitzi ziren manufakturen eboluzioa ilustratu ahal izateko.

 

Ontzi fabrikako piezen dokumentazioko une bat.

 

Hurrengo hilabetetan falta diren elementuak lortzeko lanean arituko gara, proiektu hasieran planteatutako helburuak lortu ahal izateko. Proiektuaren azken helburua lortutako jakintza guztia herritarrei aurkeztea izango da eta horretarako urte hasieran hitzaldi desberdinak egiten saiatuko gara. Honetaz gain, gure asmoa lortutako informazio guztia liburu formatuan eta dokumentu audiobisual batean aurkeztea izango da, era dibulgatibo batean herritarrei Ontzi Fabrika eta Bidaniako historia zati bat azaltzeko. Eta noski, gure herriko historia zati hau etorkizuneko herritarrek ere eskura izan dezaten.

 

Eta amaitzeko, benetan eskertu nahiko genituzke lan honetan, era batera zein bestera, lagundu duten eta laguntzen ari diren guztiei.