Eduki publikatzailea
Atzealdea

'Bidaniako Ontzi Fabrika' proiektua aurkeztuta

Bi urtean larean aritu ondoren, larunbat arratsaldean aurkeztu genuen “Bidaniako Ontzi Fabrika” proiektu multidisziplinarra herritarren aurrean.

2022·02·08


Bidaniako San Bartolome elizan 130 lagun inguru elkartu ginen, tartean ziren proiektuan parte hartu zuten protagonistak eta herritarrak. Baita Gipuzkoako Foru Aldundiaren izenean etorri zen Mari Jose Telleria Kultura zuzendari nagusia ere.

Bidania-Goiatzen XX. mendean jazo ziren gertaera historiko desberdinen lekuko zuzena izan zen Ontzi Fabrika eta berari buruz egin da proiektua. Fabrika bera izan zen gai zentrala eta horren inguruan osatu zen aurkezpena ere. Bertan ziren gainera protagonista ia guztiak, bai langile ohiak, familia ordezkariak eta profesionalak ere. Guztien aurrean merezi zen bezalako aurkezpena eman zitzaion lanari.

Eliza sarreran Ontzi Fabrikako material ezberdinen erakusketa bat jarri zen, garai ezberdinetako piezekin, pieza amaitu gabekoekin eta fabrikan erabiltzen zituzten molde eta gazetekin osatua.

Ekitaldia aurkezpenarekin hasi zen, Agurtzane Zelaia Bidania-Goiazko alkateak eta Edurne Agirrezabala eta Iban Urdapilleta proiektuaren egileek hartu zuten hitza. Hasierako ideiak eta bidean izandakoak kontatzeaz batera, proiektua aurrera atera ahal izateko jaso duten laguntza guztia eskertu zuten. Eta talde lana  azpimarratu eta eskertu zuten, herritik, herritarrekin eta herriarentzat egindako proiektua izan delako, Bidania-Goiazko historiaren zati txiki bat.

Behin dokumentala amaituta bertaratu ziren guztiek liburua eta dokumentala jasotzen duen USB-a jasotzeko aukera izan zuten, doan, herriko etxe guztietan eta fabrikarekin lotura izan zuten familia guztien etxeetan egotea nahi den proiektu bat delako. Hau Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin eta gainontzekoa Bidania-Goiazko udalak jarrita lortu da.

Eta ekitaldia borobiltzeko, bertaratu ziren protagonistak, egileak eta erakundeetako ordezkariek familia argazkia atera zuten.

 

Liburua eta dokumentala jasotzeko
Larunbatean bertaratu ez zirenez, edo beste aleren bat nahi dutenez, otsailaren 9 asteazkenetik aurrera jaso ahal izango dituzte liburua eta dokumentala doan Bidania-Goiazko udaletxean.