Eduki publikatzailea
Atzealdea

“Gora egiteko baliabideak beharrezkoak ditugu, eta horretarako lankidetzan aritzea ezinbestekoa da, UEMArekin eta Tolosaldeko beste udalekin”

UEMAko kide izatea erabaki zuen atzo iluntzean Bidania-Goiazko Udalak, ohiko udal osoko bilkuran. Erabakiaren nondik norakoak azaldu ditu Agurtzane Zelaia alkateak, pausoa naturaltasunez eman dutela adieraziz. Momentu hau ere gakoa dela uste du, erabilera eta ezagutza beherantz doazelako. “Gora egiteko baliabideak beharrezkoak ditugu” adierazi du, UEMArekin eta Tolosaldeko gainerako udalekin elkarlanean aritzearen garrantzia nabarmentzearekin batera.

2021·11·25


Argazkia: Agurtzane Zelaia, Bidania-Goiazko alkatea.
Argazkia: Eneritz Maiz – Tolosaldeko Ataria].

 

UEMA.eus-en argitaratutakoa

Bidania-Goiazko Udalak UEMAko kide izatea erabaki du. Zergatik?

Bidania-Goiatz herri euskalduna da, eta eskualde euskaldun batean kokatua dago. Gainera, Tolosaldeko udal gehienak UEMAko kide dira (baita muga egiten dugun Urola eskualdekoak ere), eta hizkuntzaren inguruan elkarlanean aritzea ezinbestekoa dugu, beste zenbait gaitan egiten dugun modura.

UEMAko kide izateko aukera hainbat urtez eta hainbat legealditan landutako gaia da, baina orain arte ez da bertako kide izateko pauso hori eman. Agian, momentu horietan ez zen beharrezkoa ikusiko, baina iritsi da eguna, eta naturaltasunez hartu dugu erabakia.

Momentu hau ere gakoa dela uste dugu, erabilera eta ezagutza beherantz doaz, eta gora egiteko baliabideak beharrezkoak ditugu. Gainera, lehen esan dudan bezala, helburu honetan lankidetzan aritzea ezinbestekoa dela pentsatzen dugu.

Datu soziolinguistikoei begira, ezagutza datu sendoa du Bidania-Goiatzek (%88), baina, beste arnasgune askotan bezala, beheranzkoa da norabidea; etxeko erabileraren datuetan ere nabarmena da galera. Kezka horrek ere bultzatu zaituzte UEMAren ekarpena eta esperientzia aintzat hartzera?

Bai, noski. Udalerri euskaldun askotan gertatzen ari den galera nabari da Bidania-Goiatzen ere; herritar berriek eta herritarren ohitura ezberdinek aldaketa handiak eragin dituzte herrian. Honek gure kezka handiagotu egin du.

Hauskorrak dira gure herri txikiak, eta hizkuntza politika propioak landu nahi ditugu. Euskara da gure hizkuntza nagusia, eta etorkizunera begira hori sendotu nahi dugu, naturaltasunez ekinez, inertziatik kontzientziara pasatuta. Eta noski, hori guztia UEMArekin eta bertako kide diren beste herriekin batera egin nahi dugu.

Herritarren edo alderdiren batek kezkarik azalduko balu sartzeko erabakiaren inguruan, zer esango zenioke?

Lasai egoteko, eta kezkatzeko motiborik ez duela. Herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatuta daudela, eta horrela egongo direla. Helburua euskararen normalizazioan pausoak ematea dela, eta horretan udalak ere eredu izan behar duela, eta udaletik ere horretan eragin nahi dugula, herritar guztiak ardatz hartuta.

Kezkatzen gaituen motiboa hizkuntza bera dela, eta, zentzu honetan, hau pauso bat gehiago dela, apustu ekonomikoak eta bestelakoak kanpo utzita.

UEMA.eus-en argitaratutakoa