Bidania-Goiatz, Elduain, Ibarra eta Idiazabal gehituta, 94 udal dira gaurtik aurrera UEMAko kide
2021·12·18
Bertan elkartu dira UEMA osatzen duten udalerri euskaldunetako alkateak eta zinegotziak eta, besteak beste, 2021ean egindakoaren balantzea aztertu eta 2022rako egitasmo nagusiak onartu dituzte. Udalerri Euskaldunen Mankomunitatera gehitzeko herri berriek egindako eskaerak ere onartu dituzte batzarkideek. Horrela, gaurtik aurrera, Bidania-Goiatz, Elduain, Ibarra eta Idiazabal ere UEMAko kide dira. Zehazki, 94 udalek osatzen dute orain mankomunitatea, guztien artean 275.000 biztanleko lurgune euskalduna ordezkatuz.

Herri berrien eskaerak onartu aurretik, amaitzear den urtearen balantzea eta 2022rako egitasmoa ere onartu dituzte batzarkideek. Aurtengo balantzeari dagokionez, egindako zenbait lan nabarmendu dituzte: arnasguneen garrantzia jendarteratzeko udaberrian egindako Arnasa Gara kanpaina, euskararen kale erabilera neurtzeko egindako ikerketa, herritarren kontzientziazioan sakontzeko hezkuntza proiektua irakasleei eta gurasoei zabaldu izana, hizkuntza irizpideak lantzeko herrietako eragileekin egindako saioak, edota kontzientziazioan eragiteko erdaldunentzat bideratutako tailerrak, besteak beste.
2022rako egitasmoen artean, berriz, UEMAren ohiko ildoen baitan aztertu eta onartu dituzte hurrengo hilabeteotako lanerako ildo nabarmenenak.
· Udalerri euskaldunen lurgunea osatzea: UEMAra sartu daitezkeen herriekin egin beharreko lanaz gain, maiatzaren 28an Seguran egitekoa den Udalerri Euskaldunen Egunari hauspoa ematea, udalerri euskaldunen garrantzia nabarmentzeko.
· Udalen eta udalerrien euskalduntzea: udalen erabateko euskalduntzeko bitartekoekin eta planekin lanean jarraitu, udalerrietako diagnostikoak osatu, zerbitzu sektorea euskalduntzeko kanpainak eta formakuntza saioak, etorri berriekin bereziki landu beharrekoak, eta abar. Ikus-entzunezkoei dagokienez, udalek urte osorako euskarazko edukiak bermatzeko ekimen aitzindaria ere esku artean izango du UEMAk 2022an.
· Herritarren sentsibilizazioa eta ahalduntzea: sektorekako kanpainekin, tailerrekin eta trebakuntza saioekin jarraitzea, eta UEMAren hezkuntza proiektua osotasunean lantzea, bai hezkuntza arautuan (ikasleekin eta irakasleekin) eta bai eremu ez arautuan (gurasoekin eta udalekuekin). Baita arnasguneen garrantzia jendarteratu nahi duten kanpainak iraunkorki lantzea ere.
· Udalerri euskaldunen zaintza eta garapena: zaintzarako eta babeserako bitartekoak garatzea (Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa zabaltzen jarraitzea), eta ikerketarako eta garapenerako urratsekin jarraitzea: kale erabilera neurketaren emaitzak, Iñaki Arregi ikerketa bekan gailendutako proiektuak, ikus-entzunezkoen kontsumoari buruzko ikerketa…
Bidania-Goiatz, Elduain, Ibarra eta Idiazabal, UEMAko kide
2022rako egitasmoa eta aurrekontua onartu ondoren, mankomunitatearen ohiko jardunerako kontuez gain, UEMAko kide izateko herri berriek egindako eskaerak ere onartu dituzte batzarkideek. Horrela, gaurtik aurrera, lau herri gehiago dira UEMAko kide: Bidania-Goiatz, Elduain, Ibarra eta Idiazabal.
Lau horiekin, 94 udalerri izatera heldu da gaur UEMA, guztien artean 275.000 biztanleko lurgune euskalduna osatuz. Euskararen aldeko herri mugimendutik sortu zen UEMA. 1988an Euskal Herrian Euskaraz elkartearen mozio bat onartu zuten Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 32 udalek, udalak euskalduntzeko eta euskara hutsean funtzionatzen hasteko. Horretarako zailtasunak eta arazo komunak zituztela ohartuta, udal haietako batzuk elkarren artean biltzen eta koordinatzen hasi ziren, udalak ere euskaraz lanean hasi ahal izateko. Horrela, mankomunitate izaera hartuta, erakunde publiko bihurtu zen UEMA. 1991n, sorrerako batzarrean 17 udalek hartu zuten parte, eta ordudanik hazten joan da udalerri euskaldunen lurgunea, udalen kopuruari dagokionez. Agintaldi honen hasieran, esaterako, 86 herri ziren UEMAko kide. Gaur egun 94 dira.



Bideoa: UEMAk kide berriak ditu (iturria: Goierri Irrati Telebista).