Eduki publikatzailea
Atzealdea

Bidania-Goiatz UEMAko 93. herria?

2021eko azaroaren 24ko Ohiko Batzarreko gai zerrendako puntuetako bat Bidania-Goiatz herria UEMAko kide izatea izango da.

2021·11·22


Zer da UEMA?

Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea da eta etorkizuneko Euskal Herri euskaldun baten alde lanean ari den erakunde publikoa da.

Euskal Herriko mutur batean zein bestean sakabanatuta egon arren, eta neurriz ere denak berdinak ez izan arren, elkarren artean antzekotasun handiak dituzten herriz osatuta dago: berezko hizkuntzak batzen ditu. UEMAko udalerrietan, lurgune euskalduneko herriak izaki, biztanleen %70ak baino gehiagok daki euskaraz.

1991. urtean, 17 udalek sortutako mankomunitatea, lurgune euskaldunetako 92 udalerrik osatzen dute gaur egun. Tartean, Tolosaldeko 28 herrietatik 20 daude bertan. Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako udalak biltzen dituen mankomunitate bakarra da.

Horrela, herritarrek arlo guztietan euskaraz bizitzea posible izateko lan egiten du mankomunitateak. Euskara nagusi den lurgunea erabat euskalduntzeaz gain, lurgune euskalduna zabaltzea bultzatu nahi du UEMAk.

Euskarari dagokionez, aitzindari eta bide urratzaile izan da UEMA. 1991n sortu zenetik, ibilbide luzea egin du, eta egiaztatutako esperientzia du. Hizkuntza politika aurrerakoiak bultzatzen ditu UEMAk, erakunde publikoetatik bultzatzen den elebitasun politikak ez dielako erantzuten bere herrietako errealitate soziolinguistikoari.

Eremu instituzionalean, euskalduntzeari dagokionez, erreferentzia bilakatu da UEMA. Izan ere, euskara hutsean funtziona daitekeela eta funtzionatu nahi dutela erakutsi dute bertako udalek. Instituzio mailatik haratago, herritarrentzako nahiz bestelakoentzako zerbitzuak ere eskaintzen ditu mankomunitateak.

Gaur egungo zuzendaritza batzordean, hainbat alderdi politikotako ordezkariak daude: EH Bildu koaliziokoak, EAJkoak eta independenteak. Elkarlanean aritzen dira, UEMAren helburuak lortzeko bideak urratzen.

 

Zergatik Bidania-Goiatz UEMAko kide?

Azken urteetako Euskararen ezagutza eta erabilera indize guztiek beheranzko joera dute, herri txikien eta hizkuntzaren egoera aldatzen ari da. Etorkizunean ere gure herriaren eta hizkuntzaren baloreak mantentzeko ordea, honen lanketan eragin behar dela uste da eta berandu izan baino lehen, UEMAn sartu eta berak eskaintzen dituen aukerak baliatzea egokia dela ikusi da.

Gainera, Tolosaldeko udal gehienak UEMAko kide dira (baita muga egiten dugun Urola eskualdekoak ere) eta beste zenbait gaietan egiten den modura, hizkuntzaren gaietan ere elkarlanean aritzea ezinbestekoa dela uste da.

Kide izateak, noski, herriari urteko kuota bat ordaintzea eskatuko dio, 4.143€ zehazki. Baina Gipuzkoako Foru Aldundiak ematen duen 2.000 euroko laguntzari esker, erdira murriztuko genuke gure zenbatekoa.

 

UEMAra batu ondorengo helburuak zeintzuk izango dira?

Hainbat dira UEMAk eskaintzen dituen zerbitzuak baina guztiekin batera lanketan hasi beharrean, beharrak identifikatu eta mailaketa bat egin ondoren, eta sartzea erabakiko balitz, egoki ikusi direnak ondorengoak dira.

Epe laburrerako helburuak:

  • Biztanle berrientzako harrera plana.
  • Haur jaioberriaren gurasoei bidaltzen zaien gutuna, guraso eta seme-alaben arteko hizkuntza transmisioaren garrantzia ikusarazteko helburuz.
  • Ostalari eta merkatariekin lanketak, hizkuntza paisaia euskalduntzeko aukerak eskainiz.
  • Eragin linguistikoaren ebaluazioak.
  • Gazteentzako udaleku bereziak eta herriko udalekuetako begiraleentzako ikastaroak.

Epe ertainerako helburuak:

  • Haur eta gurasoentzako tailerrak, elkarrekin hizkuntza ohiturei buruzko hausnarketak egiteko eta balizko aldaketan eragiteko.
  • Eskolarako hezkuntza proiektuak.
  • Herritar ezberdinentzako ikastaro eta motibazio tailerrak.

Hauek izango dira herri mailan lantzea aurreikusten diren helburuak. Baina hauez gain, herritarrentzako beste hainbat zerbitzu ere eskatzen dituzte. Esaterako:

  • Izen-abizenak euskalduntzeko laguntza.
  • Euskara hizkuntza ez dutenentzako hiztegitxoak, 16 hizkuntza ezberdinetan.

Zerbitzu guztiak uema.eus webgunean daude.