Bihartik aurrera nola atera gaitezke kalera?
2020·05·01
Bidania-Goiatz 5.000 biztanletik beherako herria denez, bihartik aurrera kalera irteteko ondorengo arauak izan beharko dira kontuan:
1.- Neurriak:
Maskarilen erabilera gomendatzen da, batez ere jende asko ibiliko den lekuren batean egon behar badira. Aldi berean, segurtasun distantziak mantentzea eta higiene neurriak hartzea ere beharrezkoa izango da. Eta une eta leku bereko pilaketak ekidin beharko dira.
2.- Elkar errespetatu:
Bi metroko distantzia errespetatu beharko da. Koronabirusa pertsonatik pertsonara transmititzen da, birusa duen norbaitek eztul edo doministiku egiten duenean. Beraz, kutsatutako norbaitekin gertuko kontaktua duten pertsonek kutsatzeko arrisku handia dute.
3.- Distantzia:
- Paseatzera ateratzen direnek, gehinez, etxetik kilometro batera urrundu ahal izango dute. Etxe berean bizi den beste heldu batekin ateratzeko aukera izango da.
- Kirol jardueraren bat egin nahi dutenek, herriko mugen barruan ibili beharko dute eta bakarka.
- Adingabeak (14 urte artekoak) beren etxeetatik kilometro bat baino gutxiagoko erradioan atera ahal izango dira. Beti elkarrekin bizi diren heldu batek lagunduta, ez du zertan gurasoa izan behar, aitona edo amona, legezko tutorea edo anai-arreba nagusia ere izan daiteke. Heldu bakoitzak gehienez hiru adingabe lagun ditzake, eta haiek arduratuko dira adingabeek segurtasun-neurriak betetzeaz.
4.- Ordutegia:
- 14 urtetik gorakoen kasuan, goizeko 6:00etatik 23:00etara bitartean egin ahal izango dira paseoak eta ariketa fisikoa.
- 14 urtetik beherakoek, 9:00etatik 21:00etara bitartean ateratzeko aukera izango dute. Egunean behin eta ordu bat gehienez.
5.- Jolas guneetan:
Konfinamendua arintzeak jolastera, paseatzera edo ariketa egitera irtetea ahalbidetzen du, horren barruan, pilotak edo patineteak bezalako jostailuak eramatea sartzen da. Hala ere, herritarrek ezin izango dute inoiz haur-parkerik erabili, ezta pilaketarik sortu edo beste haur batzuekin jolastu ere. Izan ere, 2 metroko distantziari eutsi behar diote. Korrika egitea, bizikletan ibiltzea, salto egitea eta jolastea zilegi da, beti ere, herritarren arteko distantziak zaintzen badira eta beharrezkoak diren seguntasun neurriak hartzen badira.
6.- Herritarrekin topatzean zer?
Edozein adinetako herritar bat ikustean, kaso egin eta aurrera jarraitu. Geldirik ahalik eta denborarik gutxiena egotea gomendatzen da.
7.- Kontuan hartzekoak:
- Berrogeialdian gaxo dauden edo koronabirusarekin bateragarriak diren sintomak dituztenak etxetik ez ateratzea gomendatzen da.
- Puntako edo jende gehieneko orduak saihesten ahalegintzea gomendatzen da.
- Zentzuz eta arduraz jokatu behar da beti.
8.- Zintzo jokatu:
Guztiok arauak zorrotz betetzea eskatzen da, horrela aurre egingo baitiogu egoera honi.
Arau hauek ‘Deseskalada’ deitu dioten prozesuko zero faserako izango dira, maiatzaren 2tik 10era bitartean. Ondoren beste arau batzuk ezarriko dituztela esan dute.
Hori bai, aurrekoak laburpenak dira, informazioa guztia ondorengo loturetan dago: