Eduki publikatzailea
Atzealdea

Boskotea bi gurpilen gainean

Quebrantahuesos proba egingo da etzi, Sabiñanigotik abiatzen den txirrindularitza lasterketa. Zortzi mila zikloturista izango dira bertan, horietatik bost Bidania-Goiazkoak.

2019·06·21


Tolosaldeko Atarian argitaratutakoa

 

Ez ditu nolanahiko zenbakiak Quebrantahuesos txirrindularitza probak: 200 kilometro, 4 mendate, 3.500 metro maldan gora, eta 8.000 parte hartzaile. Horietatik bost Bidania-Goiazkoak eta belaunaldi berekoak: Andoni Egiguren eta Txomin Arzallus goiaztarrak, eta Mikel Lasa, Asier Iraola eta Iosu Elola bidaniarrak.

27 eta 31 urte bitartean dituzte, eta orain dela hiru-lau urte hasi ziren bizikletarekin. Horren aurretik kirola egiten zuten, korrika eginez edo mendira joanez. «Bizikletarekin hasi eta martxa motzagoak egiteari ekin genion, Treparriscos modukoak», esan du Elolak. «Gero, elkarrekin izanik, errazagoa da animatzea eta orain bi urte egin genuen batera Quebrantahuesos proba». Aurten ere animatu zaie Aitor Aldalur bidaniarra proba horretan parte hartzera. Beste belaunaldiko batekoa da eta tarteka elkartzen zaie ere entrenamendu batzuk egiteko.

Larunbata iristeko gogoz daudela dio Elolak: «Gustura hasten gara entrenatzen, baina gero luze samarra egiten da baita ere. Egun batzuk izaten dira eguraldi txarra edo behintzat ona ez dena, eta nahitaez ibili beharra dago, kilometroak sartu behar dira gero proba ondo egiteko. Kuadrillan errazago eramaten da hori».

Probarako sentsazio onekin daudela gaineratu du, eta larunbatean helburua aurretik duten denbora hobetzea dela. Sei ordu eta erdi eta zazpi ordu bitartean helmugaratu nahi dute. «Hasieran batera joango gara, baina gero bakoitza bere erritmora joango da. Proba batzuetan batera joaten gara, baina Quebrantahuesos bereziki prestatzen dugu, eta hor bakoitzak bere lasterketa egingo du», esan du Elolak. «Normalean banantzen joaten gara bakoitzak erritmoa jaisten duenean. 122. kilometroan hasten da Portalet mendatearen aldapa, 28 kilometro ditu, eta hor indarrak agintzen du; ikusi behar da bakoitzak zenbateko indarra duen, eta horren arabera makalago joaten hasten zara. Gainera, badakigu bakoitza nola moldatzen den, eta zeini jarraitu ahal diozun eta zeini ez». 

GORPUTZA ETA BURUA, BIAK BEHARREZKO

Lau mendateetan lehenengoa Somport da, 50. kilometroan bukatzen dena. Bigarrena Marie Blanc da, 100. kilometroaren inguruan; «maldarik gogorrenak ditu, baina azkenean 6-7 kilometro dira gogorrak». Portalet da hirugarren mendatea. «Ez ditu malda gogor-gogorrak, %6 edo 7 batez beste, baina 28 kilometroko igoera da, eta horrek markatu ohi du proban egiten duzun denbora». Azken portua Hoz de Jaca da, 25 kilometro falta direla helmugarako. «Bi kilometro ditu, eta helmuga gertu dagoela pentsatuz pasatzen da».

Horrelako proba luze eta gogor bati aurre egiteko indarra bakarrik ez dela nahikoa dio Elolak: «Derrigorrez uneren batean gaizki pasatzen duzu. Ondoen zoazenean ere, azkenean une batean gogor egin behar zaio buruari. Noski, fisikoki ondo egon behar da derrigor, gero gorputzari buelta eman behar zaiolako, baina une horietan egoskorra izatea garrantzitsua da. Azkenean, gorputzak eta buruak, biek erantzun behar dute».

Zortzi mila partaide izaten dira lasterketan, baina izena ematen dutenak gehiago izaten dira. Hori horrela, zozketa egiten da, edo bestela, boskoteak lehengo urtean egin moduan, Treparriscos proban parte hartu daiteke. «Aurreko urtean izena eman genuen Quebrantahuesosen zozketan parte hartzeko, baina ez zitzaigun egokitu. Orduan, aukera izaten da antolatzaileek beraiek antolatzen duten eta kilometro gutxiago dituen Treparriscos egin eta hurrengo urterako dortsala izateko».

Probaren hasieran nahiko kaos izaten dela dio Elolak: «Gero behin Somporteko maldak iristen direnean, nahiko leku izaten da». Lasterketan zehar «giro oso ona» izaten dela dio, eta «oso ondo antolatuta» dagoela gaineratu du. «Izena hartu du probak, eta jende dezente izaten da ikusten eta animatzen. Normalean txirrindularien senide eta lagunak hasieran ez dira izaten, eta portuetara joaten dira animoak ematera. Ondoren, helmugara joaten dira bukaera ikustera».

 

 

Tolosaldeko Atarian argitaratutakoa