Eduki publikatzailea

Atzealdea

Donostiako Orfeoiaren kontzertu berezia Bidaniko elizan

Bidania-Goiazko kultur astean hainbat ekitaldi izango dira igandera bitarte.

2018·09·26


Tolosaldeko Atariak argitaratutako artikulua

 

Dagoeneko hasi da Bidania-Goiazko kultur astea, aurtengoa XXIX.ena dena, baina ekitaldi gehienak aste honetan izango dira, eta horietan esanguratsuena, Donostiako Orfeoiak emango duen kontzertua izango da, larunbatean, Bidaniko elizan.

Aurreko larunbatean hasi zen kultur astea, eta Goiatzen «giro polita» izan zela azaldu du Agurtzane Zelaia Kultura zinegotziak, eta berezitasun bat ere nabarmendu du, egun itxita dagoen Dendale taberna-jatetxea ireki zutela herritarren artean: «Herritar talde batek proposamena egin zuen egun hauetarako irekitzeko, eta udalarentzat egia esan zorte handia izan da». Larunbatean afariak eman zituzten, helduentzako eta haurrentzako menu bana eskainiz, eta ostiral honetarako afariak eta iganderako bazkariak eskainiko dituzte. Hori bai, aurretik erreserba egin behar da, 682 36 43 34 telefono zenbakian.

Gaurkoan, eskolako neska-mutilak eguneko zentrora joango dira bertan egoten direnekin eskulanak egitera. «Aurretik egin da, eta oso aberatsa dela iruditzen zaigu eta denak oso pozik geratu ziren, eta aurten ere egingo da», azaldu du Zelaiak. «Bi belaunaldiren arteko harremanak aberasgarriak dira, bai helduentzat eta baita haurrentzat ere».

Ostiralean Goiatzen izango dira ekitaldiak. Dendale tabernan pintxo-potea izango da eta gero Juan Kruz Gurrutxagak Umorea bakarrizketa eskainiko du, helduei zuzendua. Afalostean musika izango da, goizaldera arte.

Larunbatean jarraituko dute ekitaldiek, eta aurtengoan Gure Konkis izeneko jarduera antolatu dute, Bidaniko frontoian. «Urte batzuk badira altxorraren bila antolatu zela, eta bertan haur eta gurasoek parte hartzen dute», esan du Zelaiak. «Oso gustura aritzen dira, eta aurten haurrek eskatu dute Konkis-en antzeko proba batzuk antolatzeko. Bi herritar ari dira antolatzen eta ez dakigu zer antolatuko duten, sekretupean izaten dute». Beraz, herritar guztiei begira antolatutakoa izango da jarduera, eta arropa egoki eta zaharra eramatea gomendatu dute antolatzaileek. Bukaeran, txokolatea izango dute. 

Ekitaldi berezia izango da larunbat arratsaldean, Donostiako Orfeoiak kontzertua eskainiko baitu. «Horrelako aukera bat berriz izatea oso zaila izango da», esan du Zelaiak. «Parrokiako batzordetik egin ziguten proposamena. Beraiek egindako kontaktua izan da. Eta orain ari gara dena lotzen». Sarrera doan da eta espero dute eliza betetzea. Beraz, denborarekin joatea gomendatu dute. 

Ohikoa igandeko azoka izango da. Kultur astearen hasieratik egiten den ekitaldia da. «Kultur astea azokaren inguruan sortu zen, eta horri indarra ematen saiatzen gara>», esan du Zelaiak. Kukuri kultur taldekoek taloak egingo dituzte, eta sagardoa, txakolina eta sardinak izango dira. Edalontzia ordaintzen da eta gero nahi adina edan daiteke eta sardinak ere doan dastatu ahal dira. Guztira bederatzi postu izango dira azokan: ogia, zilar artisautza, gazta, baratzeko produktuak, loreak, Afrikako oihalak... erosi ahalko dira. Kukuri elkartekoek eta guraso elkartekoek jarriko dute postuetako bat, baratzeko produktuekin eta postreekin.

 

EGITARAUA

Irailak 26, asteazkena
Arratsaldean. Eskolako neska-mutilak Eguneko Zentrora joango dira, eta elkarrekin eskulanak egingo dituzte.

Irailak 28, ostirala
19:00. Dendale tabernan pintxo potea.
21:00. Jose Kruz Gurrutxagaren Umorea bakarrizketa, Goiazko frontoian.
Ondoren. Musika goizaldera arte.


Irailak 29, larunbata
15:30. Gure Konkis, Bidaniko frontoian. Ondoren. Txokolate jatea.
20:00. Bidaniko San Bartolome elizan, Donostiako Orfeoiaren kontzertu berezia. Sarrera doan da.

Irailak 30, igandea
Goiz guztian zehar. Azoka: produktu ezberdinen erakusketa eta salmenta. Talogileak, trikitilariak,... Sardinak, sagardoa eta txakolina.
16:30. Trikitilariak.

 

Tolosaldeko Atariak argitaratutako artikulua