Web edukia bistaratu

Bidaniako Ontzi fabrikaren inguruko proiektua

 

Aurretik aipatu izan dugun bezala, herriko Ontzi Fabrikaren inguruan lan berezi bat egiten ari gara. 2020rako aurreikusita genuen ekintzetako bat herrian hitzaldi bat ematea zen, Ontzi Fabrikaren lehen sarrera eta informazioa herritarren eskura jartzeko. Baina, egoera den bezalakoa izanda, ezingo dugu egin.

Horregatik, herritarrentzat, lau artikulu txiki egin ditugu. Hau horietako bat da.

 

 

Aurkezpena

Bidania-Goiazko udalak 2014 eta 2015 urteetan herriko hamalau adinekoekin egin zuen “Iraganari hautsa kenduz” dokumentalak izan zuen harrera ona ikusita, beste herriko historia zati bat landu eta plazaratzeko aukera aztertzeari ekin zion 2019an. Herriko historiaren parte izan diren hainbat gai zerrendatu ostean, 1933. urtean eraiki eta herritar askori lana eman zien portzelana ontzi fabrikaren inguruko proiektua lantzea erabaki zuen.

Proiektu honen beharra Bidania-Goiazko bizilagunen artean herriko historiaren ezagutza sustatzeko nahitik sortzen da. Belaunaldiz belaunaldi transmititzen diren herriaren inguruko ezagutzak eta pasadizoak herritarren identitatea osatzen dutela gauza jakina da. Lan honen bitartez, beraz, gertakari hauek jaso nahi dira eta behar duten balioa eman nahi zaie, betirako galdu aurretik. Hori dela eta, Bidanian kokatutako Ontzi Fabrikaren ikerketa aitzaki on gisa suertatu da azken mendeko gertaera historikoen berri jakiteko.

 

Iturria: Álvarez, M. (2009): Euskal Lozak eta Portzelanak: XVIII-XX mendean, Euskal Arkeologia, Etnografia eta Kondaira Museoa  Bilbo. 514. orria

 

 

Ontzi Fabrikaren ikerketa historikoa ez da izan hausazko aukera. Izan ere, Ontzi Fabrika XX. mendean jazo ziren gertaera historiko desberdinen lekuko zuzena izan zen, Gerra Zibila eta ondorengo diktadura Frankista, besteak beste. Gainera, lantegi honen garrantzia aurretik ere mundu akademikotik zeharka aipatu izan da, eraikin honen barnean dagoen Four de Casseaux labe motaren garrantzia azpimarratu dutelarik. Honen eredu garbia dira azken urteetan argitaratu diren Arqueología Industrial en Gipuzkoa (1990) eta Euskal Lozak eta Portzelanak XVII-XX mendean (2009) lanak, non lantegiaren berezitasuna azpimarratzen duten.   

Lan honekin helburu desberdin eta anitzak lortu nahi dira. Alde batetik, aipatu bezala, bizilagunek bere herriaren inguruan duten jakintza historikoa osatu nahi da, ezagutzaren bitartez beraien ondarearen garrantzia ulertu eta baloratu dezaten. Eta noski, etorkizuneko bizilagunek ere herriko historiaren zati bat izan dezaten, ahaztuta geratu gabe. Bestalde, proiektuaren puntu garrantzitsuenetariko bat, herritarren parte-hartzea sustatzea da. Horregatik, lantegian parte hartu zuten pertsonen testigantzak jaso nahi dira. Modu honetan, euren esperientzia pertsonala eta

bizipenak kontatuz. Honela, herriko historiaren zati bat berreskuratzeko helburuarekin. Gainera, parte-hartze aktibo honen bitartez, herritarrak bildu eta elkarrizketarako gunea sortu nahi da, hauen belaunaldi arteko erlazioa sustatuz. Azkenik, lan honen funtsezko helburuetako bat Bidania-Goiazko emakumeek Ontzi Fabrikan izan zuten paperaren balioa azpimarratzea da. Horregatik, emakume hauek lantegian zuten funtzioaz gain, garaiko gizartean bertan lan egiteak zer suposatzen zuen eta eguneroko bizitzan nola eragiten ziren jakin nahi da.

 

IIturria: Álvarez, M. (2009): Euskal Lozak eta Portzelanak: XVIII-XX mendean, Euskal Arkeologia, Etnografia eta Kondaira Museoa  Bilbo. 524. orria

 
 

Helburu hauek lortu ahal izateko, beraz, ikerketa historikoak eskatzen dituen pauso logikoak jarraituko dira: artxibo historikoen kontsulta, bizilagunen testigantzak jasotzea eta lantegiaren zein ontzi kolekzioen dokumentazio grafikoa.  

Gainera, hainbat aditu eta erakunde desberdinen parte-hartzea bultzatzea nahi da, horien artean: Gipuzkoako Foru Aldundia, Euskal Zeramikaren Museoko zuzendaria, Blanka Gomez de Segura, Gordailua eta Euskal Museoa.

Jasotako informazio guztia dibulgazioaren bitartez herritarrei plazaratzea da helburua eta horretarako formatu desberdinak erabiltzea aurreikusten da: herriko web orriaren bitartez, hitzaldiak eginez, ikus-entzunezko edukiak eta formatu idatziak aurkeztuz, besteak beste.

Proiektua 2020ko irailean hasi da gauzatzen eta 2021eko lehen erdian amaitzea espero da.

 

 

 

Bibliografia:

  • Álvarez Marian, Jiménez Maite, & Mujika Goñi Amaia (2009):  Euskal lozak eta portzelanak: XVIII-XX mendeak = Lozas y porcelanas vascas: siglos XVIII-XX, Euskal Arkeologia, Etnografia eta Kondaira Museoa  Bilbo.
  • Ibáñez Gómez Maite et al (1990): Arqueología industrial en Gipuzkoa, Deustuko Unibertsitatea, Deiker. Bilbo.