Eduki publikatzailea
Atzealdea Ur zikinen kolektorea eta araztegia izango ditu udalerriak
2019·01·03
Tolosaldeko Atariak argitaratutako artikulua
Bidania-Goiazko saneamendu sistemak aldaketa nabarmenak izango ditu, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Ur Kontsortzioak adostutako hitzarmenaren ondoren. Akordio horrek azaltzen duenez, Bidania-Goiazko proiektuak udalerriko bi biztanleguneen isuriak jasotzen dituzten kolektoreak jartzea eta hondakin uren araztegi txiki bat egitea aurreikusten du. Proiektuaren aurrekontua 2.250.000 eurokoa da.
Gaur egun hiru hodi septiko daude herrigunean; bat Goiatzen eta beste bi Bidanian. Obra egiten denean, jartzen den saneamendu hodira bideratuko dira ur zikinak, hodi septikoetatik pasa gabe. Saneamendu hodia Goiatz errekaren paretik joango da, eta araztegira eramango ditu ur zikinak. Elbarren bailaran eraikiko da araztegia, errekaren ondoan. Industrialdeko ur zikinak ere hartuko ditu eta beharrezko tratamendua egin ondoren, ura errekara isuriko da.
Joxe Erramun Goikoetxea Bidania-Goiazko alkateak azaldu duenez, udalari ez zaio jakinarazi proiektua egingo dela. Gogora ekarri du 2012. urtean bilera bat egin zuela udalak Gipuzkoako Ur Kontsortzioarekin eta aldundiarekin, azken hauek herriko ur saneamenduaren egoeraren berri jakin nahi zutelako. «Urte horretan esan zitzaigun Bidania-Goiatz eremu karstiko batean dagoela, eta azterketa batzuk eginak zituztela eta gainazalean ez zela kutsadurarik azaltzen, lur azpira iragazi egiten zelako. Eta gaur arte horrela geratu zen saneamenduaren gaia», esan du Goikoetxeak.
Proiektuaren aurrekontua aldundiaren eta Ur Kontsortzioaren artean ordainduko dute. Udalak, bere aldetik, azken hamabost urte ingurutan, urtero-urtero, diru kopuru bat eman dio Ur Kontsortzioari.
Joxe Erramun Goikoetxeak ez daki noiz gauzatuko den proiektua. «Lau urteko epea zehaztu dute orokorrean, 2018-2022 urteen artean, eta ez dakigu zehazki noiz egingo diren lanak», azaldu du alkateak.
UDALETXEKO OBRAK
Bestalde, udaletxea eraberritzea eta irisgarritasun irizpideak bermatzea da udalaren proiektu nagusietako bat, eta aldundiak Kultur Ondarearen inguruan atera duen diru laguntzen bitartez udaletxearen teilatuaren parte bat eraberritu dute. «Berez proiektuaren laugarren fasean zegoen aurreikusita lan hori egitea, baina egoera txarrean zegoen, eta diru laguntza horiek zeudela ikusi genuen eta obra egitea erabaki genuen», esan du Goikoetxeak. Besteak beste, teilak eta teilatu hodiak aldatu, eta bi tximinia saneatzea izan dira egindako lanak. Lanen kostua 48.000 eurokoa izan da eta 15.000 euroko diru laguntza da udalak jasoko duena.
Lehenengo fasean aurreikusita dauden lanei dagokionez, aurreko osoko bilkuran onartu zituzten pleguak, eta orain publikatuko dira. 225.000 euroko aurrekontua jarri da, baina lehiaketara aurkezten denak kopurua hobetu dezake. Lehen fase horretan udaletxearen behe solairuan dagoen Kontseju ostatuaren komun berriak egingo dituzte, eta horiek udaletxeko sarreraren arkupean egongo dira. Irisgarritasuna ere kontuan izan behar denez, igogailua jarriko da udaletxearen sarrera parean. Beraz, gune horrek aldaketa nabarmena izango du obrak gauzatzen direnean.
GOIAZKO OSTATUA
Azken osoko bilkuran onartutako beste plegu batzuk Goiazko ostatuaren kudeaketaren ardura hartzeko izan ziren. Atzo argitaratu ziren baldintzak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, eta interesa dutenek 30 egun natural dituzte udaletxean beraien eskaintzak aurkezteko.
Hasiera batean urtebetekoa izango da kontratuaren iraupena, kontratua sinatu eta ustiapenaren xede den espazioko giltzak entregatzen diren hurrengo egunetik aurrera. Sei hilabeteko froga aldia ezarri da. Bestalde, kontratua urtez urtez luza daiteke, bost urte gehienez ere, baldin eta alde biak haien oniritzia adierazten badute. Kontratua automatikoki luzatuko da adierazitako epea igarotzen denean, baldin eta alde bietako inork ez badu aldez aurretiko jakinarazpenik egiten kontratua amaitu baino hilabete lehenago.
Pleguetan zehazten denez, esleipendunak hileko 50 euro gehi BEZa ordainduko du kanon moduan. Kanona urtero berrikusiko da, urtarrilaren 1ean, dagokion EAEko KPIaren arabera.