Eduki publikatzailea

Atzealdea Alkateen Mugimenduaren prentsaurrekoa

Eskualdetik Jaurlaritzarekin ahots bakarra izateko asmoz osasun mahaia osatzeko deia luzatzen dugu Tolosaldeko 25 alkatek.

2020·10·23


2020ko otsailaren 17an Tolosaldeko osasun publikoaren egoerak kezkatuta 25 alkatek akordio bat sinatu genuen. Bertan, parte-hartze prozesu bat martxan jartzeko eskatu genion Jaurlaritzari eta honen harira, eragile, udal eta Jaurlaritza parte izango ziren mahai bat osatzeko.

Zortzi hilabete pasa dira jada ordutik, COVIDak markatutako zortzi hilabete zail. Argi ikusi dugu COVID-aren krisiak aurretik genuen osasun egoera larritu eta azaleratu besterik ez duela egin. Larunbateko manifestazioan garbi gelditu zen Tolosaldeko herritarrek aspalditik eskatzen dutena, eskualdean dagoen haserre eta ezin egona agerian utziz.

Mugimendu hauen bueltan, azken egunetan Tolosaldeko alkate batzuen aldebakarrekotasun jarrerak harrituta utzi gaitu. Ez zaigu iruditzen protagonismo bila aritzeko gaia eta garaia denik. Eskualde bezala jokatzeko momentua da, guziak noranzko berean lan egitekoa. Denak ados gaude herritar guztien osasun beharrak bermatuko dituen Ospitale Publiko bat behar beharrezkoa dugula. Horretan denak ados egonda, erabaki dezagun denon artean zer nolako osasun arreta nahi dugun Tolosaldean.

Ez dugu uste zain egoteko garaia denik, proposamen zehatzak egiteko eta erabakiak hartzeko garaia baizik. Argitu beharreko puntuei heltzeko garaia da:

  • Tolosaldeko osasun arretaren definizioa.
  • Asuncioneko langileen etorkizuna.
  • Ospitale berriaren kokapena.
  • Prozesu guzti hau aurrera eramateko epeen zehaztapena

Alkate Mugimendutik, Asunciongo langileen etorkizunaren inguruan eta ospitale berriaren kokapenaren inguruan proposamen zehatzak ditugu.

Esaterako, Tolosaldeko Ospitale publikoa eraikitzeko leku posible bezala Apattako bigarren fasea proposatzen dugu. Industriagune izatera bideratutako lurrak diren arren, egungo industriaren egoera kritikoa kontuan hartuta eta eskualdeak duen behar historiko hori balantzan jarriz, erabat zentzuduna iruditzen zaigu, industriara bideratutako lur horiek eskualderako osasun zerbitzua emango duen ospitale publiko batera bideratzeko aukera aztertzea.

Hala ere, garbi utzi nahi dugu hauek proposamenak baino ez direla. Erabakiak guztion artean adostuak izan behar dute, benetako erabaki gunea Tolosaldeko osasun mahaiak izan behar du eta hori horrela izanda, guk bertara eramango ditugu gure proposamenak. Mahai horretan adostu beharko da kalitatezko osasun arreta bermatzeko erarik egokiena zein den.

Hau garbi utzita, udal, gizarte eragile eta sindikatuekin erronda bat irekitzera goaz datozen asteetan. Bada garaia Eusko Jaurlaritzarekin lanketarako ahal den ordezkaritza zabal eta anitzena osatzeko eta eskualdetik ahots bakarra izateko.

Alkateen Mugimendutik argi adierazi nahi dugu Tolosaldeko osasun mahaia osatzea premia handikoa dela.