Lantegiaren funtzionamendua eta ekoizpen prozesua

 

    Bidaniako Ontzi Fabrika” Bidanian XX. mendean jazo ziren gertaera historiko desberdinen lekuko zuzena izan zen eta hau aitzakia hartuta, gure herriaren historia zati bat aztertu eta herritarren eskura jartzea izan du helburu proiektu honek. 

    Webguneko atal honetan, proiektuan lantzen gai baten laburpena agertzen da. Informazioa modu zabalean, liburuan eta dokumentalean aurkituko duzue.

 

 

Lantegiaren funtzionamendua eta ekoizpen prozesua

Bidaniako Ontzi Fabrikan katean lan egiten zuten eta fabrika bera ere horretarako prestatua zegoen. Beheko zatian lan jakin batzuk egiten ziren, gazetak eta moldeak egin, moldeetan piezak sartu, lehen labekadak egin, esaterako. Eta goiko zatian berriz, ekoizpenaren bigarren prozesuari zegozkion lanak, rebarkak kendu, dekoratu, bigarren labekadak egin…

Fabrikaren funtzionamendua eta ekoizpen prozesua konplexua zen baina bazegoen berezitasun bat, prozesu guztia ondo egin behar zela, bestela, amaierako piezak ez zuen baliorik.

 

Jarraian, kate-prozesuak, hasieratik amaierara, laburki:

  • Portzelana lortzeko lehenbiziko pausoa, noski, pasta bera lortzea izaten zen. Horretarako, kaolin minerala erabiltzen zuten eta hainbat diluitzaile eta oratzaile mekanikoetan landu ostean behar zuten orea lortzen zuten. Hau prest izandakoan, molde desberdinez baliatuz, forma ematen zitzaien ontziei bi modutan: collage -ore likidoa moldeetan isuriz- eta calibrage -ore sendoagoa moldeetan zapalduz-.
  • Masa sikatzen utzi eta gogortutakoan, ontzien inperfekzioak, rebarbak deiturikoak, txukuntzen zituzten emakumeek laban txiki moduko bat erabiliz.
  • Ontziak prest izandakoan hauen erreketa prozesua hasten zen, hiru pausotan egiten zena. Lehen erreketan ontzien gogortzea lortzen zen, horretarako labea 800-900 gradutan mantentzen zen 24-48 orduz. Bigarren erreketan, aldiz, ontzien beiratzea egiten zen esmaltea erabiliz. Prozesu honetarako tenperatura altuagoa lortu behar izaten zen, esmaltea solidifikatzeko 1.200-1.350 gradura iritsiz. Tenperatura horiek kontrolatzeko kono pirometriko izeneko tresnak erabiltzen zituzten. Labearen alderdi desberdinetan kokatzen ziren kaolin eta buztin urgarrizko elementu hauek, non tenperatura zehatz bat lortzean, urtu egiten ziren.
  • Ekoizpeneko azken pausoa apaindurarena izaten zen. Bidaniako lantegian bi modu ezberdin erabiltzen zituzten ontziak apaintzeko: kolore biziko bernizez baliatuz eskuz dekoratzea eta motibo desberdineko kalkoak erabiltzea. Erabiltzen ziren koloreen artean arrosa, urdina, berdea eta horia aurkitzen dira. Gainera, ontzi hauen ertzak zilar edota urre kolorez apaintzen ziren. Bukatzeko, apaindura hauek labean sartzen ziren berriro, 700-800 gradutan apaindurak ontzira itsatsiz.

 

 

Argazkiak: Bidania-Goiazko udala

 

 

Guztiz debekatuta dago informazio eta argazki hauek, eta gai beraren inguruko liburukoak eta ikus-entzunezkoak, bere osotasunean edo zati batean erreproduzitzea, eta bertako informazioa erabiltzea, hala edozein sistema informatikotan edo bestelako almazenamendu edo informazio-lorpenekotan sartzea eta edozein modutan edo danadelako baliabide erabiliz transmititzea, baliabide hori elektronikoa, mekanikoa, fotokopia, grabazio nahiz bestelako metodozkoa izanda ere, argitaratzailearen eta protagonisten aldez aurretiko eta idatzizko baimenik gabe.