Ingurune naturala

Ingurune naturala

Geologia

Inguru honetako geologia berezia da, aparta ez esateagatik. Hedadura hektometrikoa duen dolina bat osatzen duen polje bat da. Dolina hau kono alderantzikatu bat da eta azaleko urak inbutu baten moduan iragazi egiten ditu zenbait hobiren bitartez (edo osinen bitartez, gogoan izan dezagun lehen adierazi dugun Osiondo baserriaren toponimoa), urak lurperatuz. Lurralde karstikoen emaitza edo fenomeno tipikoa da, azaleko-urak, hots, Ernio eta Goiatz Errekako urak iragazten direnean, kare-harriaren deskonposizioaren ondoriozko buztinen biltegi aberatsa sortzen da eta biltegi hauek oso lur onak izaten dira laborantzarako.

Bidania-Goiazko lurpea osatzen duen beste elementu geologiko bat kare-harriek -aire zabaleko lenar zein lenar estali itxuran-, lutitek eta margek osatzen dute. Kare-harrien azaleratze ugariak (lenarrak) direla-eta erabili da kare-harria bertako galtzadetan eta zubi, eliza, ermita eta baserrietako egituretan eta hori dela-eta dago hainbeste kare-labe bertan.

Orografia

Bidania batez beste 500 metroko altueran dagoen lautada batean kokatzen da eta harresi natural bat osatzen duten mendiez inguratuta dago. Iparralderantz duen babesa aparta da: Ernio eta Aketegi-Gazume, hurrenez hurren 1.075 eta 997 metroko altuera dutenak, eta bien artean esparru harresiturako sarrera nagusi gisa Zelatungo lepo ezaguna 841 metroko altueran. Iparrekialdean harresiaren atea den Iturburuko gainaren bi aldeetan Akutu (663 m.) eta Armoi (645 m.) mendiak daude eta ekialderago Zelaieta (668 m.) eta Txinkorta (753 m.) mendiek osatzen dute ekialdean duen sarrera.

Ekialdean, Txinkorta eta Urkobieta (681 m.) mendiek Arrateko mendaterako esparrua osatzen dute. Hegoekialdetik, Erromara joateko, Albizturko Galtzara Zaharra Pintoi-Mendibil (639 m.) eta Intxur (740 m.) gailurren artean igarotzen da. Hegoaldean bi ate daude iparraldean bezalaxe: lehena, iparraldeen dagoena, Aizkomieta, Pintoi edo Mendibil eta Ostangala (677 m.) artean eta bigarrena, hegoaldeen dagoena, Beondegi, Intxur eta Urruztako-Gaina (679 m.) artean. Azken ate hau Usarragara Argisain eta Berostegitik, bi Santa Marinetatik alegia, sartzeko atea da.

Mendebalderantz, Urruztako-Gainak eta Ilaunek (823 m.) desagertutako Santa Ageda ermita babesten zuten. Eta azkenik, iparmendebaldean Urraki (825 m.) eta Armoi mendiek Urrakiko gaina edo mendatea biltzen dute.

Mendiak

Bidania-Goiatzen Inguruko mendien artean Ernio da aldare nagusia. Bertatik begiratzean, ezkerretara daude Txinkorta, Urkubita, Pintoia eta Aizkarro mendiak. Eskubitara, berriz, Armoia, Ilaun eta Ostingela. Gaur egun, Ernioren magala eta beste baso zati batzuk izan ezik, Bidegoian, mila esparrutan banatutako belardi handi dat dela esan dezakegu.

Mendiz inguratutako ibar honetatik kanpora ere lursail nahiko handiak dituzte bidegoiandarrek. Aizkonbietatik hego-sartaldera daude Txertakai, Alzola, Beondegi, Lakao, Urruztaran eta Urkiola mendiak, besteak beste.

Ibaiak

Bidania-Goiatz zeharkatzen duten ibaiek urtaroko emaria dute eta Ernio mendiko mazeletan dauden zenbait iturburutatik datoz, hala nola, Iturritxikita Erreka eta Ibiri Errekatik. Iturburu hauetako urak Ernio Errekan isurtzen dira, aurrerago Ilaun mendiko iturburuetatik datorren Goiatz Errekako urak jaso eta, Bidaniako herrigunea gurutzatu ondoren, ibai honek Bidaniko Erreka izena hartzen du, Osiondo baserriaren ondoko hobi edo dolina batean desagertzeko.