Sanpedroburu

Sanpedroburu

2011n, Iromendiko San Pedro ermita zaharraren aztarnak topatu genituen Bidania-Goiazko udal barrutian.

Tenplua Sanpedroburu muinoan dago kokatuta, ia 700mko altueran, Bidania eta Beizamako herriak lotzen dituen errepidearen gainean: Gipuzkoako bihotzean.

Ordutik aurrera eliza horren aztarnak industen jarraitu dugu, beste lau urtez, eta orain badakigu 700. urtearen inguruan eraiki zutela. Ordutik XIX. mendearen amaiera arte egon zen bertan baina ez zen beti eraikuntza bera izan: arkeologiaren bidez, 4 tenplu ezberdinen aztarnak topatu ditugu, bata bestearen ondoren eraikiak, 700, 1100, 1300 eta 1500. urteetan, gutxi gora behera.

Zirriborroan, aztarnak garaika antolatzen...

Dakigunez, duela 1300 urte inguru, Bidania-Goiatz eta Beizamako herrien artean dagoen Sanpedroburuko muinoan giza-talde bat bizi izan zen. Ziurrenez komunitate txikia zen, familia batek edo gutxi batzuek osatua.

Eliza bat zuten beren herrixkaren erdian eta beren eguneroko bizitza honen inguruan egiten zuten. Abeltzaintzatik eta nekazaritza xume batek ematen zizkien fruituei esker biziko ziren, ziur aski. Beren hildakoak elizaren inguruan ehorzten zituzten, lehenik haitzean egindako zuloetan, gero buztinean egindako harlauzazko hilobietan eta azkenik (XII. mende amaiera aldera) zulo soiletan.

Aurreko urteetako indusketan agerturiko egiturak: hormak, hilobiak eta poste zuloak

Elizari buruz gero eta gehiago dakigu, baina gure helburua bere inguruan bizi zirenei buruz gehiago jakitea da. Horregatik, aztarnategiaren erdigunetik hasi ginen arren, urtero bere ingurura gehiago hedatzen ari gara.

Hemen aurreko urteetako zenbait bideo:

 - San Pedroburu indusketa arkeologikoa 2012

 - Bidania-Goiazko Iromendiko San Pedro eliza II. ikerketa kanpaina. 2013

 

ZERGATIK DA GARRANTZITSUA

Alderdi ezberdinek egiten dute Sanpedroburuko aztarnategia Gipuzkoako garrantzitsuenetako bat, behintzat Erdi Aroari dagokionez.

1) 700. urtearen inguruko aztarnak dira topatu ditugun zaharrenak eta garai hartako aztarna gutxi dugu gure probintzian. Eliza baten oinarria topatu dugu eta bere inguruan zenbait hilobi, baina honen inguruan 700-1100. urte arteko tresna eta ontzi zatiak topatzen ari gara. Hori EZ DA BATERE OHIKOA.

2) Aztarnategia oso aproposa da lanerako, bertan ez baitago gaur egungo eraikuntzarik eta ikerketa jabeak ematen dion ustiaketarekin bideragarria da.

3) Aztarnategiaren zati txiki bat baino ez dugu industu oraindik eta emaitzak oso onak diren arren, uste dugu aurkikuntza berezienak oraindik ez ditugula egin. Irudi honetan mediaren inguruan dauden lurpeko egiturak ikus daitezke.

Sanpedroburuko muinoaren erliebearen eredu dijitala

Ditugun datu guztiek Sanpedroburuko aztarnategiaren indusketa Gipuzkoako populaketak Goi eta Behe Erdi Aroaren artean jasan zuen eraldaketa prozesuak ikertzeko aukera aproposa dela adierazten dute. Beste era batera esateko, indusketa honen bidez XIII. mendetik aurrera gertaturiko aldaketek (batez ere hiribilduen eta hauen sarearen sorrera eta sendotzeak) gipuzkoarrek beren lurraldea populatzeko zuten modua nola aldatu zuten hobe ezagutzeko aukera izango dugu.

Gainera, landa eremuko Erdi Aroko eliza ermita nola bilakatu zen jakiteko abagune paregabea da. Iromendiko San Pedroren kasuan bezala, beren estratigrafia hain egoera onean mantendu eta industu diren baselizak ez dira asko.

 

Informazioa eta proiektuaren arduraduna: Iosu Etxezarraga